XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hamabi!... Xaxi trufalaria, hamabi.

Hilargi aldakorrak zenbatu eta Zakurripurdin kiskali sorginak adina, zuk umaldiko haurrak beste, eta hara ni zigortzen ninduten zantzuak alaba honen hamahirugarrendasuna nenkusanean.

Baina Leze aurreko atso hark ez ei zuen hango apezak eta mojak zenbatzeko astirik izan, zuk, ez zenekienarena eginez jarraiki: - Ezin zenbatu, ezin, zorabioa eta zarata hasi bait zunan orduantze.

Akerraren aintzinean, andere gazteak hona agertu, dantzan, eta apez hauen albora bildu, korroan jira eta bira, haragiz ukitu, haragiz iharrausi, haragiz kiskaldu, harik eta apezen ifernuko giltza piztu arte (eta urrita bizian gero)...

Ba al dakin ifernuko giltza zer den?

- Ez, oraindik - ihardesten inozoak, Ongeurtz ez gainean ez barnean sentitzeke zuenak.

-... jakitekoa den ba!

Gizonezko gehienek gerripean omen dutena.

Apezek ere bai, irmoena agian, giltzarik ifernukoiena.

Hemengo andere guztien zinkurinak entzutea baizik ez zunan.

Eta, ohartu, sorgin haiek denak zirela usatuak, ohitura handikoak, antza.

Halere ez izaki bazparekoa, alegiazkoa, han entzutera zein ikustera eman zitzaidan kalapita.

Eskerrak, Xaxi, barrura zirenean (bi atsoak, noski, zein ba?) ikusi ez ninduten.

Ezpere Ongeurtz apez honekin ez nukeen giro.

- Zutabe hau, ala?

-... berauxe! Ez harritu haatik, ezta izutu ere, utikan, neska, beldurrik gabe, gauerdia ezean eta Xaxi sorginak musukatzeke ez bait dun piztuko.

Hemen... hauetxek denak bizkarrez bizkar erantsirik, giltzaz giltza suturik agertzen zirela, agertuko hurrengoan ere, eta orduan besteak banan banan gainera esertzen, guk zeruari gordetzen diogun begia elkarri - heuk asmatzen ari duk, Adur arrakero horrek!

Ez; ahantzi eginen zitzaizula, besterik ez - eskainiz.

Haien orroeak, haien zizpuruak - Adur...! - eta haien irriak!

Izan ere non aurkitu halako giltzen pareko ifernurik edo haien begien antzeko zerurik?!

Ezinezkoa, Johanesa. Ezinezkoa!

- Eta nik ba zezaguzkinat emakume horiek?

- Denak.

Bai hemengoak behinik behin.

Mezatara gurekin joaten ditun eta.